Happy meal
Guztiok ezagutzen dugu, gutxi-asko, jatetxeetako haur-menuen eskaintza sinple eta monotonoa: makarroiak, kroketak eta solomoa (edo oilasko bularkia) patata frijituekin. Erdi prezioan, barazkirik gabe diseinatutako plater konbinatu koipetsua jartzen diegu aurrean “bestela ez du ezer jango” aitzakia lasaigarri eta pozoitsua irensten dugun bitartean. Haurrentzako otorduak —atzean jostailu bat nahiz pantaila baten distira ezkutatzen dituzten Happy Meal famatuak— ultraprozesatuez, elikagai bigunegiez eta erraz mamurtzen diren produktuez osatuta daude. Ez dute ahalegin berezirik eskatzen, ezta ahosabaia hezten ere. “Ikasiko dute eskolako jantokian, lasai”. Eta, iristen direnean, komeriak hasten dira: ez dakite denetik jaten, ez dituzte ehundura ezberdinak onartzen eta jantokia gudu-zelai bihurtzen da. Etxean irakatsi ez dena eskolak bideratu behar du. Bada, zoritxarrez, berdintsu gertatzen ari zaigu hizkuntzarekin, elkarrizketarekin eta irakurketarekin ere.