Euskaldun izateko osagaiak

Published on 26 July 2025 at 12:18

Euskalduna euskara duena dela ari naiz entzuten aspaldi honetan, eta nire desadostasuna azaltzera behartu dut neure burua, niretzat euskaldun izatea ez baita definizio erraz eta soil horretara mugatzen gaur egun. Ez horixe.

Hiromi Yoshida eta Masayuki Ishizuka japoniarrek, adibidez, euskaraz egiten dute. Euskara daukate. Beraz, goiko esaldiaren arabera, euskaldunak behar lukete. Baina euskaldunak dira? Nire iritziz, Iturgaiz, Garrido eta Sémper baino euskaldunagoak bai, behintzat. Alabaina, ezin esan euskaldunak direnik. Bizkotxoa osagai bakar batekin egiten ez den bezala, euskaldun izate horrek ere behar duelako beste zerbait, eta ez irina bakarrik.

Euskaldun izateko, euskaraz jakitea ezinbestekoa den bezala, euskaltzale izatea gaineratu behar zaio, funtsezko osagaia euskararen zabalkunde eta transmisiorako. Atxikimendua sortu. Puztu, maitasunak bihotza puzten duen bezala. Bizkotxoak behar duen legamia edo txantxadura, alegia.

Horrez gain, nor ginen, nor garen eta nor izan nahi dugun ibilgailuaren gurpilek aurrera egin dezaten, euskal ondarearen eta kulturaren kateak lotzen lagunduko duena izan behar du euskaldunak, binomioa zaindu eta krakada egiten utziko ez diona; hots, bizkotxoaren gurina edo olioa.

Zer esanik ez —goian aipatutako osagaiez gain— dakizkien hizkuntza guztietatik, bere egunerokotasunean, eta posible den guztietan, besteekin komunikatzeko euskara aukeratuko duena izango da euskalduna; ekintza horretan gozamena bilatu eta aurkitzen duena. Hau da, bizkotxoaren osagai guztietatik gozoena: azukrea.

Baina batez ere, batez ere, euskaldunak euskaldun libre eta burujabe izan ahal izateko, estatu espainolaren eta frantziarraren politika zapaltzaile eta suntsitzaileengandik babestuko duen burdinazko ezkutuari eutsi behar dio; eta euskaldunek diseinatu eta Europak balioztatu eta ziurtatuko dituen politika hedatzaile, babesle, zorrotz eta behin betikoak exijitu. Honatx azken osagaiak, jaun-andreak: bizkotxoaren arrautzak! Arrautzek osagai guztiak batu eta oreari trinkotasuna eta iraunkortasuna ematen baitiote.

Eta bizkotxoari zerbait gehiago falta zaiola uste baduzu, zuk zeuk gaineratu diezaiokezu: limoi- edo banilla-esentzia, esaterako, edo zeure ahaleginik handiena euskaldun garenoi euskaldun izaten jarraitzen laguntzeko.

Add comment

Comments

There are no comments yet.