Zanka

Published on 9 October 2026 at 18:32

Beruna bera baino astunagoa izaten ari zen egun hartan, denen harridurarako, hiriko euli guztiek beren hegaldia pausatzea deliberatu zuten.

Halaxe egitea erabaki zuen Anek berak ere, eta egongelako larruzko sofa idor eta arrakalatuan jarri zen deskantsu hartzera. Esertzearekin batera damutu zitzaion kuleroetan egotea, izterren atzealdean arrastada minberatsuak nabaritu zituenez gero, baina ordurako berandu zela onartuta, telebista piztu zuen lehendakariaren estatu-hileta ikusteko asmoarekin.

Gaur, gure bihotzak eta gure buruak elkartzen dira, Berriozabalagirregoitiandia lehendakari jauna gogoan hartuta, bere bizitza eta lana omentzeko. Euskal Herriaren etorkizunari begira, gure lehendakariak izan duen konpromisoa ezin izango dugu inoiz ahaztu.

Berriozabalagirregoitiandia lehendakaria Euskal Herriak duen borondatearen eta herriaren askatasunaren alde borrokatu da une oro, konpromiso bizian. Zulo bat utzi du gure artean, baina haren irakaspenak bizirik jarraituko du, eta etorkizuneko euskal herritarrek beti izango dute oinarria eta bidea jarraitzeko…

Bero-sapak izterrak sofaren larrura itsastea eragin zioten, eta, desitsasteko ahaleginetan, izterrak altxatu zituen astiro; bata, lehenbizi, bestea gero, larruazala ere gorputzetik bereizten zitzaiola nabarituz. Pantailan, lehendakariordeak hitz egiten jarraitzen zuen:

Gaur, gure lehendakariaren heriotzak tristezia eta dolu handia ekarri badigu ere, bere oinordekotza, bere balioak eta bere ikuspegia beti izango dira gure etorkizunaren gidari. Gure bideari eutsi behar diogu, tinko, eta hark jarritako urratsak jarraitzeko konpromisoa hartu. Euskal Herriak bere bidea egingo badu, haren lanean oinarritu behar dugu euskaldun guztiok bat eginik. Gora, Berriozabalagirregoitiandia lehendakaria!

Gora!, oihukatu zuten han zeuden guztiek.

—Gora! —ihardetsi zuen Anek ere, txaloka eta begiak umel-umel.

Malkoak eta mukiak besondoan xukatu, telekomandoa hartu eta katez aldatu —gorputza ahalik eta mugiezinen, badaezpada ere— gogoa animatuko zion programaren baten bila. Egun, telebistan ez dutela ezer interesgarririk ematen pentsatu zuen, mila eta bat kate desberdin egon arren ere. Eta atzamar potoloarekin mila eta bat bider botoi bera zanpatu ondoren, aurkitu zuen deigarri egin zitzaion zerbait behintzat. Lehiaketa bat zen. Alfabetoko letrak lehiakide baten aurpegiaren inguruan zirelarik, aurkezleak definizioak botatzen zizkion, abiadura azkarrean, segundo gutxiren faltan, hark asma zitzan. Azken laurak bakarrik geratzen zitzaizkion asmatzeke.

—Uve bikoitzarekin: Estatu Batuetako hogeita bostgarren presidentea.

—William McKinley!

—Zuzena! Ixa dauka: Iberiar penintsulako sor-marka duen ardoa.

—Errioxa!

—Zuzena! I grekoarekin: Txinatar jatorriko jostailua, anezka batek bezalako ildoa duen disko batez osatua eta soka mehe batean gora eta behera higiarazten dena.

—Yo-yoa?

—Zuzena! Zetarekin: Japonieraz, gereziondoaren lorea; besteak erori diren arren, oraindik jausi gabe adarrean eusten diona.

Lehiakidea pentsakor gelditu zen. Publikoa mutu. Milioi bat eta berrehun mila eurotzar jokoan. Zazpi segundoren faltan.

Diru horrekin sofa berri bat erosi ahal izango zuela pentsatu zuen Anek. Izterretan zauririk egingo ez zion ehun leunezko sofa berri bat. Arrosa kolorekoa, aukeran. Japoniako gereziondoen loreen kolorekoa.

Orduan, eta segundo baten faltan:

—Zanka! —oihukatu zion Anek parte-hartzaileari, entzun ahal izango balio bezala—. Zanka!!!

—OOOOOOOOOOOO!!!!!!!! Ia-ia!!! Ze pena, Jabier, ze pena!!! Zanka zen! Japonieraz, gereziondoaren lorea —definizioa errepikatu zion, inoiz, bizitzan, sekula santan, ahaztu ez zezan—, besteak erori diren arren, oraindik jausi gabe adarrean eusten diona!!! Zer egingo diogu ba!!! Ikus-entzuleok, horrelakoxea da jokoa! Biharko botea: milioi bat eta hirurehun mila eurokoa! Bihar arte! Ondo izan!

Eta, bat-batean, sofa berri bat erosteko aukera errepikaezina galdu izanaren sentsazio absurdoa izan zuen Anek, larruzko altzari zahar hari erantsirik, ezkerreko izterrean euli bat pausatzen zitzaion bitartean.

 

 

IVAP Administrazioa Euskaraz aldizkarirako (133. Zkia.)

2026ko uztaila.

Add comment

Comments

There are no comments yet.